relaciones publicas hoy…
May 25th, 2006
Badira gaur egun bi kontzeptu gizartean edonork erabiltzen dituenak, baina oso pertsona gutxi dira termino hauek definitzeko eta bereizteko gai direnak. Marketinga eta publizitatea ditugu bi hitzak eta izatez, nahiko desberdinak eta bereizgarriak diren ideiak. Normalean bi kontzeptuak edozein egoeratan erabiltzen dira, edozein jardueraz hitz egiteko. Berdin dio zein testuinguruan, baina denek dituzte ahotan bi hitz magikoa hauek. Hala ere, are larriago dirudit eta gogorragoa egiten zait jasatea esandakoak entzun behar ditudanean. Izan ere, normalean publizitatearen eta marketingaren nahasketa egiten dutenek, askatasun osoz bere iritzia egitate bezala aurkezteko joera baitute. Publizitatea bera, kontsumo produktua bihurtu izana ahalbidetu du hau, edonork publizitateaz eta komunikazioak jakituna dela sinestea ondorioz. Askatasunak askatasun, publizitatearen profesionalen irudia kaltetu du honek. Bakarrik komunikazio profesionalaren alde plastikoena erakutsi diogu gizarteari, gure lana profesionalena izango ez balitz moduan. Horrela heldu gara egoera honetara.
Bada publizitateaz ez dakien pertsonarik? Ez dut ezagutu oraindik. Marketingarekin antzeko gertatzen da. Dena den, marketinga zerbait handiagoa bezala islatzen da masaren buruetan. Izarren kontua eta kontsumorako joera modernoaren tresna. Enpresen azpijokoak gehiago kontsumitu dezagun haien produktua. Beraz, gizartearentzat marketinga merkaturatzerako truku maltzurrak dira eta publizitatea horren aurpegia, donut-ak jaten dituzte tipo arraro eta sormentsuek pintatzen duten aurpegia. Harreman Publikoetaz ezer gutxi esango luke baten batek galdetuta. Hobe.
Fakultatean lau urte eman eta gero aurreko paragrafoaren amaieran esandakoa frogatzeko hainbat ikasketa, bizipen eta sentsazio dauzkat. Urteko asignatura osoa, harreman publikoak diskoteka atarian flyer-ak banatzea zela esan didatenak eta zer ikasten dudan erantzutean ikusten ditudan aurpegiak hurrenez hurren. Harreman publikoen irudia, beraz, oraindik garbia eta gardena da, ezezaguna gutxienez. Bere txokoa egina badauka enpresa munduan jarduera honek, Marketingaren behar komunikatiboen zerbitzuan eta noizean behin publizitatearen beharrean zerbait gizarteratzeko. Gutxik dakite zer diren harreman publikoak eta are gutxiago zein den bere papera kontsumo bultzapenerako tekniken antzerkian. Aitzitik, ez da harreman publikoen eraginpean bizi den pertsonarik jaio. Poztasunez bete behar gaitu komunikazioaren munduan jarduten garen eta jardungo dugunoi honek. Dudarik gabe.
Ildo horri helduta, badoa hemen publikoki ezin aitortu daitekeen iritzi bat: publizitateak gogaitu egin ditu segmentu guztiak, bat izan ezik, publizitarioena. Egun ikus daitezkeen iragarki asko eta asko publizitatearen izatezko helburua ahaztu dutela ematen du. Gogoratu beharko genuke non dagoen gure lana. Ekoiztutakoa nola saldu daitekeen esan behar dutenak gara, ez pieza ederrak egiten dituzten artistak. Pentsa dezagun momentu batean konpresak saltzeko pastel-koloretako unibertsoan. Dena da ideala iragarkian, neska ederrak, freskotasuna, garbitasuna… Baina, horren ederra izan al da salmenten grafikoan marraztutako kurba? Baiezkoan, egin zitekeen iragarkirik onena izan da. Ezezkoan, hobeto saiatu hurrengoan, iragarlea mantendu baduzu, noski!. Honekin esan nahi dut publizitatea kontsumitzera ohituta dagoela publikoa. Gutxi dago asmatzeke ohiko publizitate masiboan. Pantaila (telebistarena zein ordenagailuarena), aldizkari, edo egunkariaren aurrean dagoen hartzailea badaki bereizten zer jasoko duen. Publizitatearen aurrean mekanismoak asmatuak dira aspaldi, zapping, Robinson zerrenda…. Horregatik, harreman publikoen defentsa egitea dagokit guzti hau esan eta gero.
Komunikazio komertziala ulertzeko modu desberdin eta modernoago baten alegatua izango da hau beraz. Noski, harreman publikoak orain asko asmatutako zerbait dira, ez dut ezer berririk asmatuko. Maquiavelo hartu genezake bere aitatzat bere Printzean, hori daukagu ikasita behintzat. Bertan agintari on batek jarraitu beharreko jokabide eredua azaltzen zen. Harreman publiko politikoak hortaz. Azken honi gainetik egingo diogu salto, Maquiavelo ez baita harreman publikoak defendatzeko irudirik onena. Ironikoki, irudi ona nola landu behar zen azaltzen saiatu zena, estratega maltzurraren adjektiboa bihurtu baitu denborak.
Baina positibismoari eutsiko diogu berriro eta gogoratuko dugu lehen esandakoa, ogibide honetako kideok pozik egoteko arrazoiak badauzkagu. Gure tekniketako bati, publizitateari, garai batean zeukan harritzeko kapazitatea agortu egin zaio. Honek mesede egingo dio lanbideari errekamaran ditugun beste zenbait bala erabiltzeko atea zabalduko digulako. Gainera, guzti honen gainetik, badugu alaitzeko beste arrazoi bat, gure irudimen eta sormena zelai berrietara zabalduko dira. Askotan sormena publizitateari bakarrik lotuta doan kontzeptu bezala ikusi dugu eta egin digute ikustea. Baina ez da horrela bakarrik, ezta gutxiago ere. Sormena harreman publikoetan agortu ezina da, eta beharrezkoa. Irudimena jarri behar dugu, baina ez bakarrik arte finaletarako, estrategiak eta taktikak izan behar dira sormentsuak ere. Enpresek kontzeptu hau oraindik ez dute barneratu. Ulertzen da komunikazioa bakarrik publizitatearen autonomiatik, eta horregatik dira garrantzitsuak harreman publikoak. Marketing estrategia globalaren komunikazioa koordinatu egiten dutelako. Ezinbestekoa beraz.
Harreman publikoak presente izango dira beti, beharrezko tresna direlako, komunikazio komertzialaren beharra behin betikoa delako. Joera baino, beharra da komunikazio integralarena. Gero eta konpetentzia eta merkatu handiagoen eta dibertsifikatuagoen munduan, beharrezkoagoa da burua ateratzea besteen gainetik eta horretarako nahi eta ezkoa da teknika asko erabiltzea bide berean. Ondo koordinatzea ere, alegia. Harreman publikoen izena handituz joango da negozioaren bi aldeetara. Moldaketaren beharra etorriko da orduan.
Bada bidea oraindik beraz. Komunikazio munduan lan egin nahi dugunok ez dugu bakarrik publizitatera begiratu behar, zorionez. Ez bakarrik agentziara, zorionez ere. Bagara ere harreman publikoetan esperantza dugunok. Komunikazioa modu integralagoan disfrutatzeko esperantza dugunok. Ni naiz horietako bat. Publizitate agentzian baino, negozioaren beste aldean lan egitea nahiago nuke zintzoki. Komunikazioa modu bateratuagoan ikusita, harreman publikoak enpresa mundutik landuz. Hala ere, badira eta seguru nago handituz joango dela komunikazio integrala garatzen duten agentziak. Sektorean beharretara moldatuz doa eta profesionalok berarekin bat egingo dugu, ahalean.
















